lunes, noviembre 28

PLAKA TEKTONIKOEN TEORIA

XX. mendearen hasieran, Lurra misterio handia zen geologoentzat: Lurraren barne-jardueraren erakusgarririk nabarmenenak, hau da, sumendiak eta lurrikarak, bata bestearekin zerikusirik ez zuten fenomenoak zirela uste zen.

Islandia uhartea (ikusi irudiak)
Mantuan zehar, kanpo-nukleo likidoko 
magma-luma

Eta kontinenteak puzzle baten piezak ziren, baina puzzlea osatzeko modurik ez zegoen. Lurraren barneko egitura, hau da, zapaltzen dugun lurraren azpian zer dagoen, misterio hutsa zen, eta Lurraren adinari buruz ere oinarri zientifiko sendorik gabeko iritziak baino ez zeuden.

Baina iragan mendeko 60. hamarkadarako bazen nahikoa froga plaken tektonika izeneko teoria iraultzailea egia zela frogatzeko. Teoria hori eredu edo paradigma orokorra da —teoria bateratzailea, hau da, gertakizun askotarikoak elkarri lotuta ulertzeko balio duena—. Teoria horri esker, oso ondo ulertu eta deskribatu ahal dira ordura arte elkarren artean loturarik gabeko fenomenotzat hartzen zirenak, hau da, mugimendu sismikoak, jarduera bolkanikoa, mendien sorrera, kontinenteen jitoa eta ozeanoen zabaltzea.
Bi zatitan apurtzen du plaka:
Ipar Amerika (M) eta Eurasia (E)
Atlantikoaren sorrera, orain 150 milioi urte
Baina, teoria hori baino lehenago, Lurraren barneko egitura aurkitu zen. Sismografoa XIX. mendearen bukaeran asmatu zen eta, hari esker, lurrikaretan sortzen diren uhin sismikoak azter daitezke. Bi uhin-mota daude, eta bakoitza modu batean zabaltzen da. Horretan oinarriturik, eta munduko toki askotako lurrikaretako uhinak aztertuta, mende honetan jakin ahal izan da Lurraren barne-barnean nukleo solido, trinko eta bero bat dagoela, Ilargiaren tamaina duena. Eta, haren inguruan, kanpo-nukleoa dagoela, likidoa eta oso beroa, nikel eta burdinaz osatua. Azken honen gainean mantua dago, gutxi gorabehera 2.900 kilometroko lodierakoa, gehienbat silikatoz osatua. Eta, azkenik, lurrazala dago, alegia Lurraren azken geruza solidoa.                                               
                                                                                              
Atlantikoaren erdialdeko
dortsalaren eratzea
Plaka tektonikoen teoriak hauxe dio: lurrazala 16 plaka zurrun erraldoiz osatuta dagoela eta plakak mantuaren gainean igerian daudela. Plakak bata bestetik urrundu egiten dira lurrazal berria kanporatu ahala. Lurraren barnealdetik magma kanporatzen da ozeanoen hondoetan dauden mendikate handietan, ozeano-gandorretan alegia, eta handik ozeanoaren azpian barreiatzen da. Magma horrek plakei bultza egiten die eta elkarrengandik urrunarrazi. Adibidez, Islandia Atlantikoko gandorreko erdialdean dago. Horregatik, irlan jarduera bolkaniko handia dago. Irla erdibitzen ari da: urtean bi zatiak bata bestetik 2 zentimetro urruntzen dira. Eta, arrazoi beragatik, Amerika eta Europa urruntzen ari dira. Gaur egun, bi kontinenteen arteko distantzia Kristobal Kolon Amerikara iritsi zenean baino 25 metro inguru handiagoa da.                                                                                          
Islandia, dortsalaren gailurra (ggb, 66º I)
Teoria horri esker uler dezakegu Afrikak eta Hego Amerikak zergatik duten forma osagarri hori. Garai batean elkarrekin egon zirela egiaztatu egiten da mineral-hobiak eta fosilak aztertuz gero. Horrela, Lurraren historia eta kontinenteen mugimendua berreraiki ahal izan dira. Orain Lurra uler dezakegu eta duela 650 milioi urte nolakoa zen jakin dezakegu. Baita plaka tektonikoak nola aldatu diren (duela 514 milioi urte) eta kontinenteak pixkanaka nola agertu ziren ere (350). Kontinenteak lehenengo elkartu egin ziren (237) eta, ondoren, berriro bereizten hasi (94), gutxi gorabehera duela 65 milioi urte zuten itxura hartu arte, hain zuzen ere, dinosauruak desagertu ziren garaian. Ondoren, berriro ere plaken arteko talkak hasi ziren (50): Afrikak eta Europak tupust egin zuten eta India Asian sartu zen. Oraindik ez da bukatu prozesu hori. Horren ondorioz, Alpeak eta Himalaia sortu ziren. Plakek bata bestearekin talka egiten duten tokietan konpresio-indar erraldoiak sortzen dira, lurrikarak sortzen dituztenak.                                                                                                                                 
Azken 40 urteotan egin diren ikerketek, adibidez ozeanoetako lurzoruen azterketek, datu asko eman dituzte gure planeta hobeto ezagutu ahal izateko. Atmosferaren gas-geruzak aztertuta, gaur egun ia fidagarritasun osoz iragar dezakegu zer eguraldi izango den Lurreko edozein tokitan hurrengo bi edo hiru egunetan. Hala ere, oraindik ezin dugu iragarri lurrikara bat noiz eta non gertatuko den. Horixe da geologiak datorren menderako duen gainditu beharreko erronka nagusietako bat.

Zientzia.net webgunetik hartutako artikulu honekin batera, Bidaia Lurraren erdigunera filma ikustea proposatzen dizut. Horrez gain, beste bideo hau ere ikus dezakezu: Lurraren zientziak XX. mendean (arestiko testua ikusentzuteko honen transkripzioa da).

                          Plate tectonics / Plaka tektonikoak

0 comentarios: